XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta behinolako hartatik zanpatzaileak sorturiko gorroto eta beldurraren oroigarri izatera izan ginen kondenatuak.

Eta gogorarazi, pilatu eta berriro gizakiengan isladatu genuen.

Horregatik agure Bomokok eta agure Lunbak, txakur baten sakrifizioa zela eta hasitako herri beltzaren ilunaldia, beste baten sakrifizioarekin buka litekeelakoan, neure heriotza eskatu eta eskaintzen didate, biak batera; haiek ere beren bizitzekin aurretiaz egin zuten era berean.

Eta uraren indarrez amildegira abiatzen naizen une honetan, Ama Lurrari gogorarazi nahi izan diot gertaeratxo hori, Itsasoak Jeremias Voorsterren txakurrarekin egin zuen bezalaxe, nitaz erruki dadila, eta bere magalean desagertu baino lehen, Lunbaren ondora heltzen utz diezadala eskatu diot.

Eta Ama Lurra errukitu egin da nitaz, eta indarra eman dit, nire babesa izan zen agure beltzari, ez behin, birritan baizik hurbiltzeko.

Eta haien parean jarri naizen liparrean, uretan murgildu da gizon gazte zuria, agian beldurraren eraginez, eta aurpegira begiratu diot Lunbari.

Eta agur esan diogu elkarri nik zaunkaka eta berak eskua jasoz.

Eta Lunbari gibela emateaz batera neure bideari ekin diot, arima bertsoka eta gorputza igerika, eta antzineko olerkia burura etorri zaidanean, bizitzaren azken uneek ematen duten poza dastatu dut, zeren ez bait dauka bizitzak pozteko motibo handiagorik, bere iragatea bera baino.